XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urrezko dominak 1. Olinpiadak amaitu berriak ditugu.

Denbora aldi batean, telebistak, irratiak eta egunkariak Seul aldera begira jarri gaituzte.

A zernolako istiluak, zernolako jendetzak zer-nolako festak....

Horko lasterketak, igeriketak, pisu jasoketak, saltaketak, etabar.

Dudikan gabe gaurregun kirola dugula nagusi, esan behar.

Kirolarientzat txaloak, dirua, ohoreak, nik ez dakit zer.

Zer-nolako entrenamentuak, zenbaiteranokoak sufrimenak, zenbaitekoak euren buruei egin behar dizkien ukamenak....

Ta dena ondo pentsatzen jarrita zertarako?.

Gaur, txalo eta haintzak; bihar, ahanztura.

Eta, ustekabe batean, dopingen bat sumatu bada bizitza guztirako oinperatuta eta kakaztuta.

Munduko txaloak, sarritan masaileko gogor bilakatzen dira.

2. Kirol olinpiadak ez-ezik, badira beste olinpiada jatorragoak eta baliotsogoak: giza olinpiadak.

Gizartea giza baloretan aberastu, senidetasuna geigotu eta giza giroa hobeagotu dutenak, hauek dira olinpiada hauetako irabazleak, hauentzako dira urrezko dominak.

Santuak ditugu jokalari eta irabazle hauek euren bizitza osoa, besteen zerbitzuan eta besteeri laguntzeko, hildoan utzi dutenak.

Hauek ditugu benetako lasterkariak, bein hasitako lasterkaldian etengabe jarraitu dutenak: gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz lasterka noa helburura, saria iristeko. (Gal. 3, 13).

Kirol honetan ez da txalorik, ez publizitaterik, ez eta ere doping-ik.

Lurpean hiltzen den garia alearen antzera, zaratarik gabe egin dituzte euren lasterketak.

Nonbait irakurria dut Lenin, komunismoaren sortzaileak, behin-batean bere ingurukoei eginiko aitormena: pentsatzen nago ez ote zen hobea izango gizadiarentzat, Asis-ko Frantzisko-ren antzeko 12 gizon sortzea, darabiltzkigun borrokaldi guztiak baino.

Ez zuen arrazoi faltarik.

Santuenak dira urrezko dominak, zimeltzen ez diren koroak, betirako iraupena dutenak.

3. Aste honetan egingo dugu, haundikiro, lasterkari eta jokalari bikain diren santuen oroipena.

Oroipen hau egiterakoan, ordea, gogoan dezagun gure tarteko santuen oroipena egiten ari garela: guraso, arbaso, senide eta herritarren oroipena.

Jaunaren bake gozoan lokartu direnena....

Santu guztien festa, beraz, familiko festa dugu, geure-geurea, poz giro ederrean ospatu beharrekoa.

Gorrotoak eta indarkeriak alditxo batean zerbait ba direla uste izan arren bide motza dute; ondar gainean eraikitako etxeak dira.

Maitasunak, eta maitasunak bakarrik eman lezaioke giza bizitzari arkaitz zimentu iraunkorra.

Hau izan da santuak erabili duten bidea eta egin duten lana.

Santuak ditugu, giza-olinpiadan, urrezko dominak eta zimeltzen ez diren koroak jaso dituztenak, Zorionekoak!!.